lunes, 9 de julio de 2012

German Rodriguezen hilketaren 34. urteurrenean "egia, justizia eta ordaina" aldarrikatu dituzte

Argia * E.H
German Rodriguez LKIko militantea Espainiako Poliziak Iruñean tiroz hil zuenetik 34 urte bete dira eta atzo omenaldia egin zioten urtero bezala. Ehunka lagunek egin zuten bat San Ferminak 78 Gogoan plataformaren deialdiarekin eta “egia, justizia eta ordaina” aldarrikatu zituzten.
Omenaldia bertsoekin hasi zen, ondoren aurreskua dantzatu zuten iruindarraren oroitarriaren aurrean eta urtero bezala familiakoek lore sorta bana utzi zioten.
San Ferminak 78 Gogoan plataformako kideek adierazi dute ez dela ekitaldi folkloriko bat soilik, baizik eta “berreste” bat, jendeak gertatutakoa "ahaztu ez dezan".
Bestalde, aurten, proiektu berri moduan, Nafarroako institutuetarako unitate didaktikoa jarri dute martxan. Nerea Perez Ibarrola plataformako kide eta historialariak dio honen bidez gazteek 1978ko gertakariak "lantzea" nahi dutela. Dagoeneko zenbait institututan jarri dute proiektua martxan.

Informazio gehiago:
'Oroitarria' dokumentala ARGIAren Multimedia kanalean.